Urtegiaren memoria historikoa - ullibarri-gamboa
CAB memoria historica eu
Memoria historikoa
intro memoria historica eu
1956ko urrian Uribarri-Ganboako urtegia eraikitzeko lanak amaitutzat jo ziren, eta 1958ko udan inauguratu zuten.
Proiektu horren hastapenak 1930ean izan ziren. Izan ere, urte horretan Manuel Uribe-Etxeberria ingeniariak Zadorra ibaiaren uren sistema erregulatzaile bat eraikitzeko emakida bat eskatu zuen ur emaria Bilbora eta haren eskualdera aldatzeko, elektrizitatea sortzeko eta industriako eta etxeko kontsumorako erabiltzeko. Emakida hori 1934ko uztailaren 17an gauzatu zen, eta 75 urterako eman zen, hau da, 2009ra arte.
Gerora, 1945eko martxoan, Bizkaiko Labe Garaiak eskuratu zuen emakida hori, eta Saltos y Aguas del Zadorra enpresaren bidez kudeatu zuen. 1947an lanak hasi ziren, bai eta horrek zekartzan lur desjabetzeak ere. 1962an, CorporaciĆ³n Administrativa Gran Bilbao enpresari saldu zizkion bere eskubideak, etxeko eta industriako kontsumokoak, eta ondoren, 1969an, Iberduerori ekoizpen hidroelektrikoari dagozkionak.
Urtegia eraikitzearen ondorioz Ganboako Udala desegin egin zen, eta Arratzua-Ubarrundiako, Burgeluko eta Barrundiako ondoko udalerrien artean banaturik geratu zen. Haietako herri batzuk, Mendizabal eta Zuhatzu Ganboa, urperaturik geratu ziren, eta beste batzuk, aldiz, jendez hustu ziren lurrik gabe geratu zirelako, hala nola, Azua, Larrintzar eta Garaio. Langara Ganboa, Marieta eta Mendixur herriek iraun egin zuten, baina mugarteak oso murriztuta geratu zitzaizkien. Orenin uharte bihurtu zen, eta, beraz, ez zen bizitzeko egoki geratu.
Arratzua-Ubarrundiako udalerrian ere izan zuen eragina urtegia eraikitzeak, presa haren herri nagusian eraiki baitzen, Uribarri Ganboan. Herrigunearen eta haren lurren zati handi bat urpean geratu zen, eta Landa herritik, berriz, egun Zuhatza uhartea izenekoa geratu zen. Aipatutako eragina Barrundiako udalerrian ere izan zen; Urizar herritik etxe bat baino ez zen geratu, eta gainerakoa urpean.
Kaltetutako herrien biztanle gehienek beste herri batzuetara joan behar izan zuten bizitzera, kasu askotan egoera penagarrian. Gehienak Gasteizera joan ziren, baina beste batzuk, berriz, leku askoz urrunagoetara.
Geuk, geure aldetik, ezin dugu ahaztu jende hark egin behar izan zuen sakrifizioa, Bilbo Handiko eta Gasteizko hiriguneetan gure ongizaterako ur nahikoa izateko utzi behar izan baitzituzten beren etxeak.