Eduki publikatzailea

Orenin

Orenin

Orango gisa idatzita agertzen da Orenin 952. urtean, Orengohin modura Donemiliagako goldean (1025ean), Aurangi 1085ean, Horenegi XIII. mendean, eta geroago Oreñayn. Esanahia gorango hitzetik datorrela uste da, hau da, goian esanahitik. Kokapen geografikoarekin bat etorriko litzateke esanahi hori. Hain zuzen ere, goragune txiki batean dago kokatuta, Ganboa haranaren gainetik. Mugarteak Zadorrarekin egiten zuen muga iparraldean, Estraza ibaiak zeharkatzen zuen. San Tomas izena ere bazuen ibai hori Mendixurren jaiotzen zen eta Zadorrara iristen. 1850ean herriak 52 biztanle zituen 15 etxetan; 1955ean 53 herritar ziren, 11 etxetan. Eskola ere bazeukan. Done Laurendi parrokia-eliza XVI. mendearen amaieran eraiki zuten, ganga gotiko berantiarrekin. Dorrea 1780an eraiki zuteen, aurri arriskuan zegoen beste baten ordez. Done Sebastian izeneko ermita bat ere izan zen, 1810ean hilerri bihurtu zutena. XVII. mendearen erdian, armarridun etxe noble bat ere bazen, Juan Martínez de Maturana kapitainak eraikitakoa. kapitaina Indietan aberastu zen, eta, horregatik, eraikinari Indianoaren etxea deitzen zioten.  Urtegia eraiki zenean, mugartearen zati handiena ur azpian geratu zen eta herrixka uharte batean. Gaur egungo Garaioko hondartzaren hegoaldea Oreninen barruan zegoen eta Salurriaga izena zuen. Gaur egun, Burgeluko udalerriaren barruan dago.

Beste herri batzuk